Mikel Etxaniz, HGko koordinatzailea
Mikel Etxaniz Elgoibarko Izarrako Haurrak eta Gazteak Arloko koordinatzailea izango da maiatzaren 23tik aurrera.
Mikel Etxaniz Etxeberria. Elgoibarren jaio zen duela 24 urte, eta Administrazioa eta Zuzendaritzan lizentziatua da. Hilabete inguru darama gurekin lanean, baina aste honetan egin eta gainditu ditu hautaketa-probak. Bera izango da aurrerantzean Haurrak eta Gazteak Arloko koordinatzailea.
Mikelek ez dauka esperientziarik aisialdi munduan, baina horretan lan egiteko gogoa eta ilusio handia erakutsi du: “Pertsona proaktiboa naizela uste dut, eta lan-taldean aritzeko kapaz ikusten dut nire burua”. Orain dela hiru hilabete inguru (otsailean) jaso zuen Atxutxiamaikako kide izateko gonbitea, eta haurrekin jolastea asko gustatu izan zaionez beti, probatzea erabaki zuen. Gero, Aste Santuko udaleku irekietan jardun zuen bi astetan, eta oso esperientzia positiboa izan zen. HGn koordinatzaile bat behar zela ikusi zuenean, bi aldiz pentsatu gabe entregatu zuen curriculuma.
Haurrak eta Gazteak Arloko zerbitzuen koordinatzailea izango da Mikel: “Gaur egun HGk dauzkan zerbitzuen azterketa egingo dut, eta zerbitzu berriak topatzen ere saiatuko naiz. Helburu nagusia zerbitzu-poltsa majo bat osatzea da, HG ekonomikoki bideragarria eta sendoa izateko helburuarekin“.
Elkartetik zer jaso nahiko lukeen galdetuta, lantaldean dagoen giro ona asko baloratzen duela azpimarratu digu. Elkarteko langile eta kideen artean komunikazio eta harreman zuzena sortu nahiko luke, eta lankideak ez ezik, lagunak ere egin nahiko lituzke.
Mikelek eskerrak eman nahi dizkio Elgoibarko Izarrari eman dion aukeragatik: “Eskerrik asko nigan jarri duzuen konfiantzarengatik. Nire esku dagoen guztia emateko prest nagoela esan nahi dizuet”. Seguru gaude Mikelek asko duela Elgoibarko Izarrari emateko, eta zorterik onena opa diogu.
HGren Egitura berria
Zelan geratu da Haurrak eta Gazteak Arloaren egitura? Bi zuzendarik (Edurne Soraluze eta Naiara Martin), koordinatzaile batek (Mikel Etxaniz) eta 40 laguneko hezitzaile-sareak osatuko dute HG aurten, eta haiek izango dira 2011rako dauden proiektu eta egitasmoak ahalik eta ondoen burutzeko ardura izango dutenak.