Atxutxiamaika
Haurrak eta Gazteak Arloaren helburu nagusia, haurren, nerabeen eta gazteen garapen pertsonal eta sozialean eraginez, euskararen erabileraren eta motibazioan erreferente euskalduna izatea da, euskara erabiltzen duen eta euskaraz bizi den sare aktibo batean. Arloaren esparrua aisialdi hezitzailea da eta helburu hezitzaile eta pedagogikoak dituen egitasmoak sustatzen ditu.
Helburu hau lortzeko, adin tarte bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokitzen diren proiektuak ditu. Arloaren baliabide nagusiak, besteak beste, hizkuntza estrategiak, jolasak, irteerak, proiektu ezberdinetan antolatzen diren programazioak, harreman hezitzaileak eta talde-lana dira.
Bestalde, Haurrak eta Gazteak Arloak badauzka haren identitatea definitzen duten balore batzuk:
- Euskara: Proiektuaren erdigunean dagoen balioa da. Elgoibarko haurrak eta gazteak euskaldunagoak izatea da gure helburu nagusienetakoa.
- Bizikidetza: Errespetuan oinarritzen den eskuartzea izango da, eta hiru arlotan landuko dugu bizikidetza: pertsonen artekoa, kulturen artekoa eta ingurumena.
- Hezkidetza: Kontzientea den prozesu hezitzailea da, eta neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzeaz gain, pertsonen garapen integrala lortu nahi dugu.