Zergatik eta zertarako euskaldun? ekimena martxan jartzera goaz
Pentsamendua eta jakintza lantzeko ekimen berri batekin gatoz. Elgoibartarrok norbanako eta komunitate moduan ahalduntzea da helburua, eta aurten bi lagun gonbidatuko ditugu gurera: Jon Sarasua eta Ibai Iztueta.
Pentsamendua eta jakintza lantzeko ekimen berri batekin gatoz. Euskaldun izateak zer esan nahi duen hobeto ulertzeko da. Identitatean sakontzeko. Geure buruarekin seguruago eta gusturago sentitzeko. Euskalduntasunean sakontzeko. Elgoibartarrok norbanako eta komunitate moduan ahalduntzeko.
Bi lagun etorriko zaizkigu ekimen berri honen lehen urtean:
“Herrigintzaren behelainotik”
Hizlaria: Jon Sarasua
Euskal herrigintzak, hainbat arlotan, ekimen eta meritu handiko aroa bizi izan du azken hamarraldi askotan. Badira arrazoiak pentsatzeko ibilbidean behelainoa sartu zaigula, iparra lausotzen duten faktore berriak gurutzatu direla. Horiek apur bat aletu eta galdera baten inguruan jardungo dugu: zein izan daitezke norabide edo ipar baten elementuak? Eta, nolakoa izan daiteke behar dugun erreakzioaren egitura?
Jon Sarasua herrigintzako eragilea da zenbait arlotan, unibertsitateko irakaslea, kulturgilea eta munduko hainbat komunitatetan hizkuntza-lankidetzan ari da.
Eguna: martxoak 23, osteguna
Ordua: 19:00
Tokia: Kultur Etxeko hitzaldi-gelan
***
"Cultura vasca vs Euskal kultura: posible da euskal kultura erdaraz?"
Hizlaria: Ibai Iztueta
Zenbaitek euskal kultura euskarazkoa baino ez dela dio, beste zenbaitek, berriz, espainolez edota frantsesez egindakoa ere badela euskal kultura. Hara hor hitzaldi-tertulia honetarako auzia.
Ibai Iztueta Azurmendi. Irakasle dabil IRALEn. Cultura vasca vs Euskal kultura liburuaren egilea da. Giza eta gizarte zientzietan doktorea.
Eguna: martxoak 30, osteguna
Ordua: 19:00
Tokia: Aita Agirre Kulturgunean
Ekimena Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak prestatu du, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin.