Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Urteko azken txanpa!

Urteko azken txanpa!

2017/12/22

2017ak eman ditu bere onenak. Eguberriak dira eta bulegoko ateak itxita egongo badira ere, elkarteak eutsi egingo dio bere lan-dinamikari. Hona hemen urtea amaitu aurretik izango ditugun ekintza batzuk. Amaiera ona eman urte zaharrari, bazkide, eta hobeto hasi berria.

Abenduaren 24a, egun handia

Azken urteetan moduan, aurten ere jai handia izango dugu Kalegoen plazan abenduaren 24an. Batetik, Mari Domingi eta Olentzero etorriko dira gure artera erregaluak banatzera, baina bestelako opariak ere izango dira plazara azaltzen direnentzat. Elgoibarko Izarrako tonbola opariz josi dugu eta elgoibartar guztiok gonbidatu nahi zaituztegu parte hartzera. Goseak eta egarriak kentzeko aukera ere izango da, horretarako jarriko ditugun talo- eta edari-postuekin.

Bertso-jaialdia

100 sarrera inguru geratzen dira abenduaren 28an izango den bertso-jaialdirako. 700 sarrera jarri ditugu salgai eta ederra izango da Olaizaga kiroldegiak gau horretan izango duen itxura. Oraindik sarrera erosi ez duzuenok, abenduaren 23tik 28ra Pitxintxun izango duzue horretarako aukera. Gero, 28an, Kiroldegian bertan ere salgai jarriko ditugu 21:00etatik aurrera; sarrerarik geratzen bada.

Neguko aisia eskaintza

Neguko oporraldian aisia eskaintza anitza antolatu dugu Atxutxiamaikak, Ludotekak eta Gaztelekuak. 
SOTOTK zerbitzua eskainiko zaie HH2-LH2ko umeei abenduaren 26tik 28ra bitartean eta bi ikuskizun antolatu ditugu; abenduaren 29an  2-6 urte bitartekoentzat, eta urtarrilaren 3an  6-12 urte bitarteko umeentzako.
Gaztelekuko nerabeak, berriz,  Iruñeara joango dira neguko oporretako lau egun pasatzera.
 

Besterik ez, bazkide. Urte zaharrari amaiera ona eman eta hasiera hobea eman berriari. 2018. urtean bete-betea dator Elgoibarko Izarrarentzat, eta saiatuko gara gauzak txukun egiten.