Oporrak hartuko ditugu gaur!
Gaur, abenduak 22, oporrak hartuko ditugu urtarrilaren 2ra arte. Ondo amaitu urte zaharra, bazkide, eta ea urte berrian asko eta ondo egin-eragiten dugun.
2023ko martxoan 60 urte bete zituen Elgoibarko Izarrak. Elgoibar euskaldunagoa izateko 60 urteko herri-ahalegina izan da. Asko egin du Elgoibarko Izarrak eta asko egin dute beste hainbat entitate eta elkartek . 1950-1990 urteetan egindakoaren berri jaso dugu Euskararen Historia Soziala Elgoibarren bideoan, eta, gainera, egin zutenei gure esker ona azaldu diegu Udalarekin elkarlanean antolatutako Egin zenutelako gara! ekitaldian.
Esan bezala, gaur oporrak hartuko ditugu, baina etzi, abenduak 24, kalean eta plazan egongo gara. Urtero moduan, egun handia izango da Elgoibarko Izarrarentzat: Olentzero eta Mari Domingi, elkartearen aldeko tonbola, talo-postua, sagardoa, eta, batez ere, jendea, Elgoibarko jendea. Plazara irten eta jendartean gozatzeko eguna izango da domekakoa.
Abenduaren 28an, berriz, urteroko bertso-jaialdia izango dugu. Puntako bost bertsolari eta bertsozaleak bertsoekin gozatzeko gogoz. Badaude sarrerak oraindik, baten bat despistatuta baldin badabil ere.
Atxutxiamaikari dagokionez, Negulekuak programan 2 eta 12 urte bitarteko 160 umetik gora eta 17 hezitzaile izango ditugu urtarrilaren 5era arte.
Amaitzeko, BARREN astekariaren hurrengo alea urtarrilaren 5ean izango da, baina, aurretik, barren.eus atarian Gabonetako ekienen berri emango dugu luze eta zabal.
Horrekin emango diogu amaiera aurtengoari. Urte zaharrari amaiera ona eman eta izango dugu elkarren berri 2024an!