Onartu ditugu mugimenduaren oinarriparrak
“XXI. mendeko Euskaldunon Elkarteen Mugimenduaren Kongresua” izan genuen zapatuan (otsailak 26) Bilbon, eta bertan parte hartu genuen 206 lagunok euskara-elkarteen mugimenduaren oinarriak eta helburuak onartu genituen, gehiengo osoarekin.
- 96 elkartek osatzen dugu euskaldunon-elkarteen mugimendua, eta, besteak beste, gizarte-mugimenduek euskararen biziberritze-prozesuan dugun garrantzia azpimarratu genuen Kongresuan. Eta gizarte-mugimendua garen aldetik, ahal dugun neurrian, botere politikoetan, ekonomikoetan eta sozialetan eragiten ere saiatuko gara.
- 1983an sortu zen mugimendua Arrasaten (AED euskara elkartea sortu zutenean), eta haren segidan sortu ziren han eta hemen elkarte gehiago. Elgoibarko Izarra 1963an sortu bazen ere, 27 urteko lan handiaren ondoren, 1990ean euskara-elkarteen mugimenduan integratu zen.
- 30 urte inguru pasa dira euskara-elkarteen mugimendua sortu zela, eta, ordutik, asko hazi eta aldatu da. Gaur egun, 20.000 bazkide, 450 langile profesional eta 14.000 bazkide-militante biltzen dira mugimenduaren baitan, eta, besteak beste, tokiko hedabideetan, kultur programazioan, aisialdiko eskaintzetan eta motibazioari lotutako esparruetan dihardugu lanean.
Jakintza eta pentsamenduan oinarritutako dinamika
Euskararen biziberritze-prozesuan jakintzak eta pentsamenduak duten garrantzia azpimarratu zen Kongresuan, eta lan berezia egin nahi dugu aurrerantzean diskurtso propioa osatu eta bazkideen artean zabaltzeko. Gure eguneroko lana ezagutza soziolinguistikoan oinarrituta behar dela aldarrikatu genuen.
Etapa berri baten atarian
Urtebeteko gogoeta-prozesuaren azken urratsa izan zen Bilboko Kongresua. 250 lagunetik gora hartu dugu parte prozesuan, eta mugimenduko kideon ustez, zapatukoa mugarria izango da gizarte-mugimenduaren ibilbidean. Orain arteko lanaren balorazioa egin dugu, eta etorkizuneko lan-ildoak ere markatu ditugu. Orain, berriz, erabakitako guztia martxan jartzeko unea iritsi da. Ziklo berri baten atarian gaude, bai herrietako euskara elkarteak, eta baita euskara-elkarteen federazioa den Topagunea.
Kongresua eta Jaia
Baina zapatuan ez zen dena serioa eta formala izan. Goiza Kongresuan eman bagenuen ere, haren ondoren Bilboko Kafe Antzokira joan ginen bazkaltzera, eta arratsaldeko 18:00ak aldean jaia izan genuen. Azken jai horretan Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarrak ere hartu zuen parte, bi abestirekin.
Elkarteko dinamizatzailearen ponentzia
Elkarteko dinamizatzaileak, Imanol Larrañagak, ponentzia bat irakurri zuen Kongresuan. Mugimenduak onartutako txosteneko lau punturen gaineko defentsa egin zuen, eta Imanolek irakurritako testua ekarri dugu hona: Euskal herrietatik Euskal Herrira (PDF)
Bideoa: (Kongresuko bideo gehiago hemen)
Kongresua: Imanol Larrañaga from Topagunea on Vimeo.
*ARGAZKIAK: Kongresuan eta Kafe Antzokian eginiko ekitaldi eta bazkariko argazkiak:
|
|
|
|
|
|