Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Lotu eta erabaki ditugu aurreko batzarrean solte geratu zirenak

Lotu eta erabaki ditugu aurreko batzarrean solte geratu zirenak

2014/05/09

Urtarrilean erabaki edo aurkeztu gabe geratu ziren hainbat gai erabaki eta aurkezteko konbokatu zen asteazkeneko Batzar Orokorra, eta batzarrak aho batez onartu zituen Zuzendaritza Batzordeak aurkeztu eta proposatutako gai guztiak.

 

35 bazkideren parte-hartzearekin, hiru izan ziren eguazteneko Batzar Orokorreko gai-ordenean azaldu ziren gaiak:

 1.- Plan Estrategikoa: antolaketa-eredua.

2.- Hurrengo hiru urteetarako Zuzendaritza Batzordea.

3.- 2013ko memoria-ekonomikoa.

 

Plan Estrategikoa: antolaketa-eredua

Hurrengo hiru urteetarako Plan Estrategikoaren bizkarrezurra urtarrileko Batzar Orokorrean onartu bazen ere, antolaketa-eredua ez zuen onartu batzarrak, eta atal hori berriz idazteko erabakia hartu genuen. Eguaztenean, berridatzitako antolaketa-eredua aurkeztu zuen elkarteko dinamizatzaileak, eta, kasu honetan, Batzar Orokorrak aho batez onartu zuen.

 

 Plan Estrategikoa irakurtzeko: Plan Estrategikoa (2014-2016).

 

Zuzendaritza Batzordea

Azken bi urteotan Zuzendaritza Batzordean egon direnei egindako lanarengatik eskerrak eman ondoren, hurrengo hiru urteetarako Zuzendaritza Batzordea proposatu zitzaion batzarrari. Orain arte moduan, 9 lagunek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea, eta bazkide militanteek eta profesionalek osatuko dute. 5 izango dira bazkide militanteak, eta 4 bazkide profesionalak. Ikus dezagun zeintzuk osatuko duten Zuzendaritza Batzordea:

 

Bazkide militanteak:

 Iñaki Konde

Junkal Txurruka

Julen Irizar

Aitor Lauzirika

Asier Artzamendi

 

Bazkide profesionalak:

 Imanol Larrañaga

Amaia Lasagabaster

Naiara Martin

Ainhoa Andonegi

  

Lehendakariari ere erreleboa ematea zen helburua, baina ahalegina egin bada ere, oraingoz ez da Iñaki Konderi lekukoa hartuko dion inor topatu. Zuzendaritza Batzordeak hala eskatuta, Iñakik segituko du lehendakari karguan, bere ordezkoa topatu arte.

 

Bigarren puntu honetan ere, batzarrak aho batez onartu zuen Zuzendaritza Batzordeak proposatutakoa.

 

2013ko memoria-ekonomikoa

 Batzarrari amaiera emateko, elkarteko kudeatzaileak 2013ko memoria ekonomikoa azaldu zuen. Ezaguna da elkartearen egoera ekonomikoa ez dela samurra, eta 2013a, zoritxarrez,  10.721 euroko defizitarekin itxi dugu. 2014ko aurrekontuetan, zorionez, aurreikuspen hobeak dauzkagu, eta urtea diru-galerarik gabe amaituko dugula uste dugu.

 

Kasu honetan ere, Batzar Orokorrak bere oniritzia eman zion aurkeztutako memoria ekonomikoari.  2013ko memoria ekonomikoa

 

Urtarrileko Batzar Orokorrean erabakita geratu zena

Urtarrilean egin genuen Batzar Orokorrean, honako puntu hauek erabaki eta onartu ziren:

 

Oinarri filosofikoak: Batzar Orokorrak aho batez onartu zuen Zuzendaritza Batzordeak aurkeztutako Oinarri filosofikoak dokumentua. Dokumentu horretan oinarrituko da aurrerantzean Elgoibarko Izarraren izana eta egitekoa.

 

2014ko kudeaketa plana: Aurtengo kudeaketa plana jasotzen duen dokumentua ere urtarrileko batzarrean onartu zen. Bertan jasotzen dira, besteak beste, 2014ko helburuak, ekintza-plana eta aurrekontuak.

 

Bazkide-kuotak: Amaitzeko, hurrengo hiru urteetarako bazkide-kuotak ere onartu ziren. 45 eurokoa izango da kuota arrunta. Kuota murriztua, berriz, 35 eurokoa izango da (ikasle, langabetu eta jubilatuentzat). Eta berrikuntza moduan, 45 eurotik gorako kuota berezia ordaintzeko aukera ere izango da, hala nahi duten bazkideek. 

  

Gure herria euskaldunagoa izateko 50 urteko herri-ahaleginaren ondoren, Elgoibarko Izarra ziklo berri batean sartu da, eta dena prest dago ziklo berriari ekiteko. Argitu dugu zer izan eta egin nahi dugun, eta baita nola egingo dugun ere. Orain, dokumentuetan jaso duguna errealitate bihurtzea izango da gure egitekoa.