Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Joxe Azurmendi: Herria, hizkuntza, kultura

Joxe Azurmendi: Herria, hizkuntza, kultura

2022/09/26

Haritz Azurmendik eta Lorea Agirrek jardungo dute elkarrizketan Joxe Azurmendi filosofoaren gainean. Irailaren 28an izango da, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian.

Joxe Azurmendiren pentsamendua eta obraren gainean jardungo dute elkarrizketan Haritzek eta Loreak. Joxe Azurmendi filosofoa Euskal Herriko saiakeragile oparoenetakoa da, oparoena ez bada. Dena egiteke eta herri bat birpentsatzeke zegoen garaian hasi zen Azurmendi idatziak plazaratzen eta horretan dihardu gaur egun ere. Filosofiaren auzi eta ertz unibertsal ugari landu ditu, beti antidogmatiko eta kritiko, eta beti eraikitzaile. Baina bere ezaugarri garrantzitsuena filosofia guretik landu izana da, hau da, gaur egungo munduan euskaldun izatearen kondiziotik pentsatu izana mundua. Hori izan du urgentzia: mundua guretik pentsatzea. Nazioaren -herriaren, hizkuntzaren, kulturaren- pentsalari handiena dugu, garen GU horri edo izan nahi dugun GU horri izateko arrazoiak emateko.

 

Haritz Azurmendi Arrue, filosofoa eta Joxe Azurmendiren gaineko doktore tesiaren egilea da; Lorea Agirre Dorronsoro, berriz, Jakin aldizkariko zuzendaria.

 

Eguna: irailak 28, asteazkena

Ordua: 19:00

Tokia: Aita Agirre kulturguneko areto nagusia  

 

 

Joxe Azurmendi: herria, hizkuntza, kultura elkarrizketa Hasier Etxeberria zenaren oroimenez antolatzen den Biba Hasier! ekimenaren baitan antolatu du Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin.