Jostailuak aukeratzeko katalogoak eskuragarri
Eguberrien gertutasuna dela eta, Atxutxiamaikak, Udal Ludotekak eta Udal Gaztelekuak eskuragarri jarri ditugu aurreko urteetan elkarlanean sortutako jostailuen katalogoak. Katalogo hauek 2015etik 2021era antolatu diren jostailuen erakusketetan hautaturiko jostailuak biltzen dituzte.
Jolasteak modu positiboan eragiten die umeei eta nerabeei, baita helduei ere. Izan ere, jolasaren bitartez harremanak eta balore ezberdinak lantzen dira, lagunartean momentu dibertigarriak sustatzen dira eta emozioen lanketa, esplorazioa, esperimentazioa zein komunikazioa bezalako aspektuak lantzen dira.
Hortaz, eta jostailuek pertsona ororen garapenean duten garrantziaz jabetuta, lan taldeak merkatuan dagoen eskaintza aztertu izan dugu eta gomendagarriak diren jostailuen aukeraketa egin dugu urtez urte.
Hautaketa hori egiteko zenbait irizpide hartu ditugu kontuan: hezkidetza, emozioak, kooperazioa, zentzumenak eta beste zenbait faktore lantzen dituzten jostailuak izatea, alegia.
Horrez gain, jostailuak erosteko gomendioak ere landu eta proposatu nahi dizkizuegu:
- Parte-hartzaileen gaitasun eta abilezien garapenerako egokia den jostailua izatea.
- Oparitzen den jostailu kopurua zaintzea.
- Jostailu askotarikoak bilatzea; alderdi ezberdinak lantzen dituzten jostailuak.
- Jostailuak transmititzen dituzten baloreak zaintzea: indarkeria, sexismoa, lehiakortasuna…