Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jolastuz eta gozatuz hasi dute oporraldia 243 umek Atxutxiamaikaren Udako Txokoetan

Jolastuz eta gozatuz hasi dute oporraldia 243 umek Atxutxiamaikaren Udako Txokoetan

2014/06/24

Ikasturtea amaitu berri, udako oporraldia hasi dute txikienek Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika aisialdi taldeak antolatzen dituen Udako Txokoetan.

Eguraldia lagun, parrokiako arkupeetan batu dira gaur 2tik 8 urte bitartera arteko 243 neska-mutil. Atxutxiamaikako hezitzaileek akuilatuta kantuan eta dantzan hasi dute eguna, eta halaxe egingo dute datozen egunetan ere. 

Bi txanda izango dituzte Atxutxiamaikaren Udako Txokoek. Lehenengoa ekainaren 23tik uztailaren 11ra arte izango da, eta uztailaren 14tik 24ra arte bigarrena.  

Azken urteetan bezala, ez dira faltako egun bereziak: San Fermin Txiki Eguna, Txikien Txiki Eguna...

Musikarien, erraldoien, buruhandien eta beste hainbat pertsonairen bisita ere izango dute gure txikiek Txokoak alaitzeko.

Udako Txokoen helburua, gure txikiei kalitatezko aisialdi eskaintza euskalduna ematea da. Gainera, beste hainbat balore lantzen dira jolasen bidez: hezkidetza, ingurugiroarekiko errespetua, sormena...

sanroke

Elgoibarko txoko desberdinak ezagutzeari ere garrantzia ematen dio Atxutxiamaikak. "Ume batzuek ez dituzte kale edota auzoak ezagutzen. Aurreko urtean Karakoletik pasatu ginen eta  batek baino gehiagok esan zigun bertatik pasatzen zen lehen aldia zela" dio Atxutxiamaikako arduraduna den Naiara Martinek. 

Azken urteetan kalean ikusi ditugu maiz. Umeek jolasteko espazio naturala kalea bera dela dio Naiarak. "Umeentzako espazioak; parkeak adibidez, helduok eraikitzen ditugu, beraz, sormena lantzeko ez dira gune egokiak, aldiz, zelaietan nahiz espazio hutsetan umeek jolas sinbolikoan aritzeko gaitasun handiagoa erakusten dute"

igerileku

Aurten 243 umek eman dute izena txokoetan, eta 35 hezitzaile arduratuko dira horietaz. Atxutxiamaikako koordinatzailea den Mikel Etxanizen esanetan, kopuruak pozgarriak dira: "Estimazio handia duen egitasmoa da Txokoak, eta eskariari ahalik eta erantzun onena ematen saiatzen gara"