Jantzi beharra dagoelako
Atxutxiamaikako 20-25 hezitzailek Otxortiako txabola batean pasa dute asteburua. Talde moduan sendotzea eta hezitzaileak janztea izan dira helburu nagusiak.
Hiru hilabetetik behin elkartzen dira Atxutxiamaikako hezitzaileak, talde moduan egituratu, haien arteko harremanak sakondu, eta Atxutxiamaikaren ildo nagusiak eztabaidatzeko. Oraingoan, ostiral iluntzean joan ziren Otxortia inguruan dagoen txabolara, eta bertan egon ziren domeka eguerdira arte.
Bi eguneko programazioa izan da, eta, besteak beste, honako gaiak landu dituzte:
- Antzerki teknikak, eta, batez ere, inprobisazioaren inguruan.
- Aurretik egindako ekintzen balorazioa, eta aurrera begira dituztenen azterketa.
- Taldearen autofinantziazioa.
Atxutxiamaikako koordinatzailea den Naiara Martinen esan digunez, “taldea sekula baino hobeto dago, eta asko ikasteaz gain, oso ondo pasa dugu asteburua”. (ikusi argazkiak)