Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Hemen gara, berriz ere

Hemen gara, berriz ere

2015/09/02

Hilabeteko oporrak hartu ondoren, atzo ekin genion ikasturte berriari Elgoibarko Izarran, BARRENeko lantaldeak jaietan lana egin badu ere. Atsedenaren ondoren, ilusioz eta energiaz egingo diegu aurre urtea amaitu arteko lanei.

Ondo etorri zaigu, bai, abuztuko atsedena. Izan ere, bete-beteta dator urtea amaitu arteko lan-agenda. Hona azpimarratzeko moduko ekimen eta notizia batzuk: 

 

Izen-emateak Atxutxiamaikan 

Izen-emateek hartuko dute protagonismoa Atxutxiamaikan irailean. Izena eman beharko da, besteak beste, ludotekan, Daixola programan, eta bertso-eskolan. Bestalde, Kiribilek irailaren 18an ekingo dio ikasturte berriari. Azkenik, azaroan jostailu erakusketa antolatuko dute.

 

Haizea dator Iparraldetik!

Urriaren 2an hasi eta azaroaren 14ra arte luzatuko da aurten Gotzon Garate zenaren oroimenez urtero antolatzen dugun zikloa. Zikloa prest daukagu, eta hurrengo egunetan jasoko duzue haren gaineko informazioa. Ekimenetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu bazkide guztiok. 

 

Lipdub-a eta herri-bazkaria Euskarak 365 Egun ekimenean

Aurten azaroaren 28an ospatuko dugu elgoibartarrok Euskararen Nazioarteko Eguna. Bi ekintza nagusi izango dira gure euskaltasuna aldarrikatzeko: lipdub-a eta herri-bazkaria. Prestakuntza-lanak badoaz aurrera, eta elkarte-erakunde askok azaldu dutenez parte hartzeko borondatea, ikusgarria izango delakoan gaude.

 

Eguberrietako programazioa

Urteko azken hilabetean, urtero bezala, Eguberrietako programazioa izango dugu. Eguberrietako aisialdi-eskaintzaren baitan, besteak beste, Olentzero eta Mari Domingi etorriko dira abenduaren 24an, eta azken bi urteetan egin dugun moduan, Elgoibarko Izarraren tonbola ere antolatuko dugu. Urteari amaiera emateko, berriz, eguberrietako bertso-jaialdia izango dugu. Aurten, gainera, Gipuzkoako bertsolari-txapelketaren finala izango da abenduan, eta bertso-giroa bero-bero egongo da.

 

Bi lankide berri

Lantalde profesionalari lotutako bi nobedade ere badauzkagu, amaitzeko. Lehena BARRENi dagokio. Ainhoa Andonegi bajan dago, eta lanera bueltatu bitartean Ainara Argoitia izango da  BARRENeko arduraduna. Kazetari-lanak betetzeko, berriz, Ainhoa lanera bueltatu arte, Irati Agirreazaldegi kontratatu dugu. Bigarren nobedadea, berriz, Atxutxiamaikan daukagu. Urtea amaitu arte behintzat, Amaia Lersundik  indartuko du Atxutxiamaikako lantalde profesionala, egun erdiko lan-jardunarekin.