Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak HAURREN AURREAN, HELDUOK HELDU ekimena, azaroaren 22tik abenduaren 5era

HAURREN AURREAN, HELDUOK HELDU ekimena, azaroaren 22tik abenduaren 5era

2021/11/02

0 eta 12 urte arteko umeekin harreman zuzena duten helduen arteko hizkuntza-praktikak aldatu eta euskara gehiago erabil dezaten prestatutako aktibazio ekimena da Haurren aurrean, helduok heldu.

Euskaltzaleon Topaguneak prestatu du ekimena eta Euskal Herri osoan egingo da azaroaren 22tik abenduaren 5era. 70 herri inguru izango dira ariketa egingo dutenak.  

0 eta 12 urte arteko gurasoentzat, senitartekoentzat eta umeen zaintzaileentzat izango da ekimena, umeekin daudenean helduen artean euskaraz egin dezaten.

Umeak eta helduak nahasian dabiltzan tokietan egingo da ariketa: jolas-parkeetan, tabernetako terrazetan, eskola-atarietan, Musika Eskola edota kiroldegi parean, etxean …

Esan bezala, 0 eta 12 urte arteko umeekin lotura zuzena duten helduen hizkuntza-ohituretan eragin nahi da ekimen honekin. Ez da izenik eman beharko baina ariketan parte hartzera animatzen ditugu umeen bueltako  helduak.  

Umeei euskaraz egiten diegu, eta euskaraz egiteko eskatzen diegu gainera, baina gero, gure artean, sarri gaztelaniaz jarduten dugu. Horren gainean gogoeta egitea proposatzen du ariketak.  

Ekimena Euskaltzaleon Topaguneak prestatu du, eta Elgoibarri dagokionez, Elgoibarko Izarra,  Udala, Elgoibar Ikastola, Herri Eskola, Elgoibarko  Haurreskola eta Ludoteka daude ekimenaren atzean.