Gure imajinarioa: saio solteetara azaltzeko aukera zabaldu dugu!
Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez ikastaroan izena eman ez dutenek ere parte hartzeko aukera izango da aurrerantzean, saio solteetara azalduz. Urriaren 19an izango da bigarren saioa.
Dagoeneko martxan daukagu Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez ikastaroa. Une batean zalantzan ere izan genuen, jende gutxik eman zuelako izena, baina azkenean 16 laguneko taldea osatu dugu eta ekin diogu.
Lehen saioa benetan ederra izan zen, eta ikastaroak merezi duela pentsatzen dugunez, ikastaroan parte hartzeko bide berria zabaltzea erabaki dugu. Beraz, saio solteetara joateko aukera ere izango da aurrerantzean.
Bigarren saioaren gaineko informazioa:
Eguna: urriak 19, asteazkena
Ordua: 18:30
Tokia: Kultur Etxeko hitzaldi-gela
Prezioa (saio solteena): 4 € (3 €, ikasle eta langabetuek).
Gaia: euskaldunok migrazioarekin, erbestearekin, edo deserriratzearekin izan
dugun lotura aztertuko dugu. Eta baita Karlistadak ere. Gaur egunean pil-pilean
eta konpondu gabe dagoen errefuxiatuen auziaren gainean berba egiteko aukera
emango diguten kantuak ikusiko ditugu. Eta, bestetik, Euskal Herria beti bi
bandotan, bi aldetan, bi ideologiatan zergatik banandu den ere aztertuko dugu.
Ikastaroa Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak antolatu dugu elkarlanean, eta Udalak finantzatzen du.