´Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez´ ikastaroa, urriaren 5etik aurrera
10 orduko ikastaroa izango da, eta kantagintzak euskaldunon imajinarioa eraikitzeko orduan izan duen, eta duen, garrantzia landuko dugu. Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak elkarlanean antolatu dugu ikastaroa, eta irailaren 30era arte eman daiteke izena.
Gotzon Garate zenaren oroimenez urtero antolatzen dugun ekimenaren baitan, aurten ´Gure imajinarioa kantagintzaren bitartez´ ikastaroa antolatu dugu, gure herria hobeto ezagutu eta elgoibartarron euskaltasuna sustatzeko helburuarekin.
Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Ikastaroaren helburua kantagintzak euskaldunon imajinarioa eraikitzeko orduan izan duen garrantziaz gogoeta egitea da. Galdera horri erantzuten saiatuko gara, eta zuzeneko musika izango da transmisiorako erreminta nagusia.
10 orduko ikastaroa izango da, eta irakasleak Gotzon Barandiaran eta Rafa Rueda izango dira. Idazlea eta musikazale amorratua da Gotzon, eta musikaria Rafa.
Ikastaroa bost egunetan emango da, eta hauek izango dira ikastaroko egunak:
-
Urriak 5, 13, 19 eta 26
-
Azaroak 2
Ordutegiari dagokionez, 18:30ean hasiko dira saioak, eta bi orduko iraupena izango dute.
Ikastaroa Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da, eta plazak mugatuak dira (30 lagunentzako). Prezioa, berriz, 30 € izango da; 27 €, Elgoibarko Izarrako bazkideentzat.
Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta animatzen zaretenok Elgoibarko Izarrara deitu edo idatzi behar duzue: 943 741 626 / elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.eus
Animatu eta eman izena, plazak bete aurretik!