Elgoibarko Izarraren etorkizuna
Ekin diogu Elgoibarko Izarraren etorkizuna eztabaidatzeko gogoeta-prozesuari. Elkarteak etorkizunean bete behar duen funtzioa erabaki nahi dugu 2011n.
2010eko urtarrilean hasi zen dena. Euskara Elkarteen Topaguneak Durangon antolatutako mintegian, hain zuzen ere. Bertan, besteak beste, euskara elkarteen mugimenduak gogoeta sakona egin behar duela proposatu zen, eta horretan jardun dugu 2010ean: gogoeta-prozesua prestatzen eta lehen pausoak ematen.
Helburua euskara elkarteen mugimenduaren oinarriparrak finkatzea da. Oinarriak landu nahi ditugu, mugimenduaren izaera definitzeko; eta iparrak definitu behar ditugu, gure helburuak zein diren jakiteko.
Gogoeta-prozesua bi mailatan egingo dugu:
1) Nazio mailan, mugimendu bateratu moduan bete behar dugun funtzioa erabakitzeko.
2) Herri maila, euskara elkarte bakoitzaren izaera eta egitekoak definitzeko.
Nazio mailako gogoetari, esan bezala, 2010eko urtarrilean ekin genion, eta 2011ko otsailaren 26an Bilbon egingo dugun Kongresuan emango diogu amaiera. Herri mailakoari, berriz, 2011ko urtarrilean ekingo diogu, eta, okerrik ez dela, urtebeteko gogoeta-prozesua izango da.
Etorkizunari begira jarri aurretik, baina, atzera begira ere jarri gara, eta elkarteko dinamizatzaileak azken 20 urteotan egindako lanaren balorazio-lana egin du: Atzera begira aurrera egiteko (1990-2010). Aurreak erakusten duelako atzeak zelan dantzatu. Oraingoz dinamizatzaileak bakarrik egin du atzera begirako gogoeta, baina urtarrilean jende gehiagoren artean egingo dugu hausnarketa.