Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gaur, uztailak 29, oporrak hartuko ditugu!

Gaur, uztailak 29, oporrak hartuko ditugu!

2016/07/29

Beste askok bezala, Elgoibarko Izarrak ere oporrak hartuko ditu gaur. Elkarteko ateak itxita egongo dira abuztuan, eta irailaren 1ean irekiko ditugu berriz ere. Ondo-ondo pasa oporrak dauzkazuenok eta, batez ere, oporrik ez daukazuenok.

BARREN, San Bartolome jaietan

Abuztuan oporretan egongo da Elgoibarko Izarra, baina horrek ez du esan nahi elkartearen eskaintzarik izango ez denik. BARRENen kasuan, adibidez, sanbartolomeetako ale berezia abuztuaren 22a banatuko dugu. Irailaren 2ean, berriz, jaien errepasoa egingo dugu erretratuz jositako alean. Bestalde, barren.eus atarian egunero egingo dugu jaien erretratu- eta bideo-errepasoa.

 

Irailetik aurrera: Jakoba Errekondo, Tertuliak programa, Gure imaginarioa kantagintzaren bitartez ikastaroa, Atxutxiamaikako programak, Euskarak 365 Egun ekimena ...

Abuztua atzean laga eta irailean sartzen garenean, lan-dinamikara bueltatuko gara. Aurten ere bete-beteta dator udazkena, eskaintza ugarirekin.

Irailaren 28an Jakoba Errekondo etorriko da gurera, Bizi baratzea hitzaldiarekin, eta Tertuliak programaren 2016-2017 ikasturteari ere irailean ekingo diogu. Irailean ekingo diote, baita ere, Atxutxiamaikako Kiribilduz eta Berbazulo programek.

Urrian, berriz, Atxutxiamaikako Daixola programako eta Beinke bertso-eskolako ateak irekiko dira, eta hilaren 5ean hasiko da 10 orduko iraupena izango duen Gure imaginarioa kantagintzaren bitartez ikastaroa.

Abenduan, urteari amaiera emateko, Euskarak 365 Egun ekimena izango dugu abenduaren 2an. Aurtengo ekimenak bi atal nagusi izango ditu: Kalegoen plazatik Maalara egingo den giza katea, eta Maalako parkean izango den jaialdia. Eguberrietan, berriz, urteroko ekintzak izango ditugu: Olentzero eta Mari Domingi , Elgoibarko Izarraren tonbola, bertso-jaialdia ...

                                                                        ***

Baina hori dena irailetik aurrera izango da. Orain elkarteko ate eta leihoak itxi eta atsedena hartuko dugu. Ondo bizi eta bueltara arte!