Gaur oporrak hartuko ditugu!
Gaur, abenduak 20, oporrak hartuko ditugu urtarrilaren 7ra arte. Atsedena hartuko dugu 2025ean gure onena emateko, zeregin asko eta garrantzitsuak dauzkagu eta.
Gaur oporrak hartuko ditugu, bai, baina abenduaren 24an kalean eta Kalegoen plazan egongo gara. Urtero moduan, egun handia izango da Elgoibarko Izarrarentzat: Olentzero eta Mari Domingi, elkartearen aldeko tonbola, 2.500 opari baino gehiago, talo-postua, eta, batez ere, jendea, Elgoibarko jendea. Plazara irten eta jendartean gozatzeko eguna da abenduaren 24a.
Abenduaren 26an, berriz, urtero moduan, bertso-jaialdia izango dugu Herriko Antzokian. Puntako bost bertsolari eta bertsozaleak bilduko gara bertan. Sarreren aurresalmenta gaur amaituko da, baina oraindik badaude sarrerak.
BARRENi dagokionez, barren.eus webgunean egunotan herrian izango ditugun ekimenen berri emango dugu. Astekariari dagokionez, urtarrilaren 10ean izango da hurrengo alea.
Azkenik, Atxutxiamaikak ere hiru ekimen inguru antolatuko ditu neguko oporraldian.
Ikusten duzuenez, oporrak hartuko ditugu, bai, baina ez dugu gure egitekoa etengo.
Besterik ez, bakide! Urte zaharrari amaiera ona eman eta izango dugu elkarren berri 2025ean!