Gaur oporrak hartuko ditugu!
Gaur, ostirala, itxiko ditugu Elgoibarko Izarraren bulegoko ateak. Hilabeteko oporrak hartuko ditugu eta irailaren 1ean bueltatuko gara lanera. Gozatu abuztuan, bazkide, oporrak izan edo ez.
Elgoibarko Izarrara ere heldu da atsedena hartzeko ordua. Hilabeteko oporrak hartuko ditugu. Sanbartolomeetan bueltatuko da lanera BARREN komunikazioak jaien berri emateko.
Elgoibarko Izarraren etorkizuna definitzea izango da udazkeneko zeregin garrantzitsuenetakoa. Atzera begirako balorazio-lana 35 bazkide ingururekin egin eta gero, etorkizunari begira jarriko gara, eta, besteak beste, Elgoibarko Izarraren hurrengo bost urteetarako Plan Estrategikoa landuko dugu. Hiru lan saio antolatu ditugu, urrian hasi eta abenduan amaitzeko. Lan-prozesua datorren urteko urtarrilean amaitzea da gure desioa, martxoan – Elgoibarko Izarrak 60 urte beteko dituenean – erabaki dugunaren berri emateko. Lan-prozesua irekia izango da, eta nahi duzuen bazkide guztiok izango duzue parte hartzeko aukera, elkartera etorri, deitu edota idatzita.
Proiektuei dagokienez, BARRENek bere ohiko ibilbidean egingo du aurrera. Eguneroko jardunean barren.eus webgunean eta sare sozialetan, eta asteroko dinamikan BARREN astekariariarekin. Gainera, Debabarreneko gainontzeko komunikazio proiektuekin ere elkarlanean jarraituko dugu, elkarrekin egin dezakegunaren gaineko azterketarekin.
Atxutxiamaikari dagokionez, Berbazulo, Aldenik Alden eta Kiribilduz programak berriz ere jarriko ditugu martxan. Urrian, Josalaren Astea izango dugu, eta abenduan, Neguko oporraldiak antolatuko ditugu.
Bestalde, irailaren 3an Euskara ala Ezkara Kirolean? jardunaldia izango dugu IMH Campusen. Dena prest daukagu eta 75 lagun inguru bilduko gara Elgoibar, kirola eta euskara uztartuko dituen jardunaldian.
Euskaraldia ariketa sozialaren hirugarren edizioa ere izango dugu udazkenean. Bigarren edizioan moduan, norbanakoek eta entitateek egingo dute ariketa, eta, dagoeneko, hasita gaude ariketaren berri eman eta jendea animatzeko lanekin.
Kulturgintzari lotutako ekimenak ere izango ditugu irailetik aurrera: Biba Hasier! ekimena irailaren 28an izango da, eta urrian eta azaroan Euskal Herria Aro Modernoan zikloko bi hitzaldi izango ditugu.
Olentzero, Mari Domingi, Elgoibarko Izarraren aldeko Tonbola eta urte amaierako bertso-jaialdiarekin esango diogu agur 2022 urteari.
Hori, udazkenerako daukagunaren laburpena. Ondo-ondo pasa denok eta irailera arte!