Felix Etxeberria Parapan hil da, Elgoibarko Izarrako sortzaileetako bat
Herenegun hil zen Felix Etxeberria Parapan, 95 urte zituela, eta haren aldeko elizkizuna gaur, astelehena, izango da San Bartolome parrokian, 19:00etan.
Felix Etxeberriak, Jesus Larrañagak eta Sabin Osorok sortu zuten Elgoibarko Izarra Kultur Elkartea 1963ko martxoan, euskararen eta euskaldunon egoera oso iluna zen garaian. Jesus joan zen hiruretatik lehena, Sabin gero, eta orain Felixek esan digu agur.
Joan dira, baina ez ditugu ahaztuko, ez hiru sortzaileak eta ez haiekin batera euskalgintzan jardun zuten ehunka elgoibartar. Izan ere, neurri handi batean, haiek egindakoari esker gara.
Garai hartako euskalgintza ezagutu eta hobeto ulertzeko, Elgoibarko Izarraren 40. urteurrenean Felix eta Jesusi egin genien elkarrizketa ekarri dugu hona. Sabin Osoro ere elkarrizketatu genuen.
Euskaltzale eta ekintzaile fina eta nekaezina izan dugu Felix Parapan, Elgoibarri hainbat arlotan asko eman diona, eta hori ondo baino hobeto ikus dezakegu BARRENek atzo argitaratu zuen notizian.