EUSKARALDIA egitera goaz!
Ostiral honetan ekingo diogu EUSKARALDIA ariketa sozialaren hirugarren edizioari. Euskara jakin eta ulertzen dugunon artean euskara gehiago egitea da ariketaren helburu nagusia. Oraindik zabalik dago ariketan izena emateko epea.
Azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2ra arte izango da EUSKARALDIA. 15 eguneko iraupena izango du ariketak. Euskal Herri osoan egingo da eta Elgoibarren ere dena prest daukagu ariketari ekiteko.
Entitateei dagokienez, Elgoibarko 103 entitatetan egingo da ariketa, eta 366 arigune sortu dira horretarako. Norbanakoei dagokienez, berriz, une honetan 1.100 lagunetik gora daude izena emanda, eta 1.500 inguru izango garela aurreikusten dugu.
Euskararen erabilera areagotzeko Euskal Herrian inoiz egin den ariketa sozial handiena da EUSKARALDIA, eta Elgoibarko EUSKARALDIA Taldearen izenean, Elgoibarko Izarrak ere oraindik izena eman ez duten 16 urtetik gorako bazkideak eta herritarrak animatu nahi ditu izena eman eta ariketa egitera.
Izena emateko: https://izenematea.euskaraldia.eus/
Aurkezpen ekitaldia: Elgoibarren larunbat honetan izango da EUSKARALDIA ariketaren aurkezpen ekitaldia. Kalegoen plazan izango da, 13:30ean hasita. Elgoibarko EUSKARALDIA Taldeak, Biraka dantza elkarteak eta Inazio Bereziartua Musika Eskolak antolatu dute ekitaldia elkarlanean.
Amaiera ekitaldia: hasiera dantzan emango badiogu, itxiera kantuan izango da. Abenduaren 1ean Jon Maiaren KANTU BAT GARA ikuskizuna izango dugu Herriko Antzokian. Sarrerak hemen.