Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskara Jendea ikastaroa, gure hizkuntzaren eta herriaren historia hobeto ezagutzeko

Euskara Jendea ikastaroa, gure hizkuntzaren eta herriaren historia hobeto ezagutzeko

2014/09/05

Azken sei urteotan egin dugun moduan, aurten ere ekimen berezia prestatu dugu urrirako Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udalak: Euskara Jendea ikastaroa, hain zuzen ere.

Abuztuko oporrak atzean laga, eta dagoeneko sartu gara laneko arrastoan. Eta udazkenerako, proposamen interesgarria daukagu bazkide eta herritarrei eskaintzeko. Sei saio izango dituen ikastaro berezia prestatu dugu. Helburua, izenburuan azpimarratu dugun moduan, gure hizkuntzaren eta herriaren historia ezagutzera ematea da. Horretarako, Euskara Jendea dokumental-sortan jasotako garrantzitsuena gureganatuko dugu, Xamarren laguntzarekin.

Xamarren eskutik

Xamar dibulgatzaile nafarra izan da dokumental-sorta sortu duenetako bat, eta bera izango da gurean ikastaroa emango duena. Xamar lehen ere izan zen Elgoibarren duela bospasei urte Euskal Kultura Tradizionala ikastaroarekin, eta oso harrera ona izan zuen.  

Sei saio eta sei kapitulu

Esan bezala, ikastaroak sei saioko iraupena izango du, eta saio bakoitzean dokumental-sortako kapitulu bat landuko da. Hona, motz-motz, kapitulu bakoitzaren landuko denaren ideia nagusiak:      

  1. Historiaren atarian: Euskara historiaurreko hizkuntza da. Ez dugu bere jatorria ezagutzen, baina euskararen benetako enigma gaur arte zelan iraun duen da.
  1. Erromako inperioan: Erromako Inperioak Europako herri eta kultura guztiak suntsitu edo aldatu zituen, baina euskal komunitateak bere identitateari eutsi zion.
  1. Aniztasunaren bidean: Hizkuntza eta kultura aniztasuna ditugu Erdi Aroaren ezaugarri. Gurean euskara zen nagusi, eta inguruan hamaika mintzaira eta kultura zeuden.
  1. Mugetan gaindi: XVI. eta XVIII. mendeetan, Frantziak eta Espainiak egungo mugak finkatu zituztenean, abiatu zen euskaldunon hizkuntz-komunitatearen galtze- eta gutxiagotze-prozesua. 
  1. Gerren arteko pizkundean: Frantses Iraultzaren eta Foruen desagerpenaren ondoren, erdaren aldeko politikak zorroztu ziren. Baina XIX. mendearen amaieran, euskararen eta euskal kulturaren aldeko pizkundea sortu zen.
  1. Mundua osatzen: Euskaldunok bizirik iritsi gara XXI. mendera. Hemendik aurrera,  erronka eta galdera berriak izango ditugu, eta horiei erantzun beharko diegu, bizirik iraungo badugu.

          

Ikastaro-datak: Asteazkenetan, urriaren 8an hasi eta azaroaren 12ra bitarte.

Ordutegia: 18:30-20:00

Lekua: Kultur Etxeko hitzaldi-gela

Prezioa: 20 euro

Izena emateko azken eguna: irailak 30 (plaza mugatuak izango dira).

Informazio gehiago eta izena emateko:

Gotzon Garate zenaren oroimenez

2008an joan zen Gotzon Garate idazle eta euskaltzalea gure artetik, eta harrezkero urtero antolatzen dugu haren oroimenezko zikloa. Zikloaren helburu nagusia euskaldunok gure herria hobeto ezagutzea izaten da, eta, besteak beste, hitzaldiak, gehigarriak, kronikak, irteerak eta antzerakoak prestatzen edo antolatzen ditugu.