Euskaltzaletasunaren bizi indarra Soraluzen
Zapatuan ospatu genuen Topa Eguna, euskara elkarteen eta euskaltze guztien eguna, eta euskararen bizi indarrak bete zuen Soraluze.
Goiena.net en bideoa.
Giro ezin hobean igaro genuen zapatua Soraluzera gerturatutako euskaltzaleok. Ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna zela esanaz joan ginen Soraluzera, eta halaxe egin genuen. Euskarari eta egiten dugunari, garenari, balorea emateko deia egin genuen, eta hori ere ondo beteta itzuli ginen zapatu goizaldean etxera.
Euskalduntasunari, auzolanari, plazerari, plazari eta mugimenduari balioa ematea aldarrikatu genuen eguneko ekitaldi nagusian, ibaian elkarren laguntzaz osatutako lore erraldoiaren bidez.
Goizeko 11:00etako ekitaldiak eman zion hasiera Topa Egunari. Txalaparta eta adarraren doinuek bertsolari gazteen bertsoei eman zieten sarrera. Besteak beste, Maddi Mendibil gazte elgoibartarrak ere hartu zuen parte ekitaldian.
Jon Sarasuaren liburu berria ere, Hiztunpolisa, bertan aurkeztu zuen idazleak, Mikel Irizar, Joxe Angel Irigaray eta Julen Arexolaleibaren laguntzarekin.
Bazkalorduan, kanturako, antzerkirako eta dantzarako, denerako tartea egon zen. Baita topa egitekoa ere, noski.
Bazkalordua herriko elkarte ezberdinetan banatuta eman genuen Soraluzera bertaratutakook, eta bazkalostean, elkarte bakoitzean kultur ginda desberdin bat izan genuen opari. Napoka Iria taldearen kontzertua, Kokein taldearen akustikoa, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolarien saioa, Lasarteko antzerki konpainiako lagunen antzezlana... denetik!
Etxeko txikienek Irrien Lagunen konpainiaz ere gozatu ahal izan zuten, gainera.
Bazkalostean kalejiran batu ginen denok ibaiaren bueltan eta ekitaldi nagusiaren ostean dantzarako tartea hartu genuen. Xero Xiete talde soraluzearrak egindako kantuari koreografia ere egin baitio Soraluzeko Kukumixo aisialdi taldeak.
Argazki gehiago: