Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eman atxikimendua Euskarari!

Eman atxikimendua Euskarari!

2013/11/22

Euskararen Nazioarteko Eguna da abenduaren 3an, baina guk egunero ospatzen dugu euskararen eguna. Euskarak, guretzako, 365 egun dituelako, euskara ez delako egun bateko kontua. Euskarak #365EGUN manifestuaren atxikimendu-bilketa abiatuko dugu gaur.

Euskarak #365EGUN manifestua idatzi dugu Euskararen Nazioarteko Eguna herritarrok elkarrekin antolatu eta ospatzeko sortutako asanbladakook. Manifestua idatzi dugu, abenduaren 3a ospatzeko ez ezik aldarrikatzeko eguna ere badelako. Euskarak 365 egun dituelako guretzako, eta euskarari 365 egun horiek eman nahi dizkiogulako. Eta badakigulako, jakin, geure esku dagoela hori, geure konpromisoa izango dela euskarari bizia, arnasa, emango diona.

Hona hemen atxikimendua euskaraz: KLIK

Euskaraz bizi nahi dugu gure herrian, hemen ez bada, euskara ez delako beste inon biziko. Baina hala ere, badakigu gure herrian beste hizkuntza ugari bizi direla. Hemen manifestua beste hizkuntza horietako batzuetan (zabaldu inguruko lagunei, euskaraz jakin ez arren, ikasteko eta euskararen herrian bizitzeko prest dauden guzti horien artean):

Castellano  - Galego - Català - Italiano - Amazighia - Român - Nederlands - Français English - عربي

Atxikimendu bilketa

Gaur hasiko dugu atxikimendu bilketa. Manifestuari atxikimendua emateko aukera eskainiko dugu Internetez batetik, eta baita herriko puntu desberdinetan ere. Internetez beharrean atxikimendua paperean eman nahi izanez gero, Liburutegian, Jubilatuen Etxean, Pitxintxun eta Herriko eskoletako harrera bulegoetan egongo da horretarako aukera.

EMAN ATXIKIMENDUA INTERNETEZ


BARREN bat = kartel bat

Dinamika partehartzaile bati esker iritsi gara iritsi garen lekura. Herriko hogeitabost eragile eta norbanakoren 365kartelaarteko elkarlana dago kanpaina honen atzean. Abenduaren 3an egingo dugun ekimena prestatzen, manifestua idazten, komunikazio-lanak diseinatzen... elkarlanean aritu gara, parte hartuz, eta horrek bere fruituak eman ditu. Horregatik, elkarlan hori hogeitabost pertsona horietan bakarrik geratu ez dadin, Elgoibar eta Mendaroko herritar guztiak animatu nahi ditugu parte hartzera. Gaur, azaroaren 22an BARREN astekariaren ale banarekin kanpainako kartel bat iritsiko da buzoietara. Kartel hori hartu eta etxeko leihoan, lantokian, eskolan, kalean... norberak nahi duen lekuan itsasteko gonbidapena duzue honakoa. Eraman dezagun aldarria herriko txoko ezkutuenera ere, bistan geratu dadin egunero euskararen eguna dela guretzako. 

Eta abenduaren 3an zer?

Abenduaren 3an ekimen herritar bat egingo dugu arratsaldean Kalegoen Plazan. Horren aurretik, gainera, aurten estreinakoz goizean ere, Herri Eskolak, Ikastolak eta Institutuak elkarrekin ospatuko dute Euskararen Eguna.

Arratsaldeko ekimena:

17:00etan Kiribilen saio berezia Kalegoen Plazan
17:45ean Musika Eskolako trikiti ikasleen kalejira Kalegoen Plazan
18:00etan Ekitaldia Kalegon Plazan
18:30ean Kalejira Kalegoen Plazatik hasita trikitilari, dantzari, txistulari eta kale kantariekin lagunduta.