Errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi ditugu elgoibartarrak
Bizi dugun egoera berezi honen ondorioz aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu dira eta luzatu egin da errenta aitorpena egiteko epea, hori dela eta, une hau aprobetxatu nahi dugu Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak, gure hizkuntzari ere erreparatzeko.
Euskararen normalizaziorako bidean beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea. Urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea ere beharrezkoa da, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere. Horregatik, Elgoibarren euskaraz bizi nahi duten herritar guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbita egin nahi diegu, eta bide batez, administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izatera animatu.
Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik. Gure herrian, 25-70 urte bitartekoen datuak aztertzen baditugu, horien %45 da euskaldun alfabetatua, eta iaz %17,22 izan ziren errenta aitorpena euskaraz egin zutenak, beraz, badago zer hobetua.
2019ko kanpainan 1.028 errenta aitorpen egin ziren euskaraz 5.967tik. Orain dela 10 urte, 2009an, elgoibartarrek egindako errenta aitorpenen %7,90 izan ziren euskaraz, eta iaz %17,22. Ea oraingoan, edo bi urte barru, %25 izatera iristen garen, horixe da gure epe motzerako erronka.
Errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeaz gain, Gipuzkoako Ogasunarekin euskaraz egin daitekeela gogorarazi nahi diegu herritarrei. Horregatik, Udalak eta Elgoibarko Izarrak bat egiten dute Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako 100.000 zergadun Ogasunarekin euskaraz kanpainarekin.