Elgoibarko Izarrak 151.200 euroko diru-laguntza jasoko du Udalaren eskutik 2014an
Atzo (apirilak 15) sinatu genuen Elgoibarko Izarrak eta Udalak 2014rako hitzarmen ekonomikoa. 151.200 euroko diru-laguntza jasoko dugu Udalaren eskutik, aurtengo hainbat proiektu eta egitasmo finantzatzeko.
1993an ekin genion Udalarekin hitzarmen ekonomikoak sinatzeari, eta harrez gero urtero-urtero sinatu dugu. Helburua Elgoibarko Izarraren proiektu eta egitasmoak finantzatzeko Udalaren diru-laguntza jasotzea da.
Hasierako urteetan Udaleko Euskara Batzordetik jasotzen genuen diru-laguntza, baina 2004tik aurrera Gazteria sailetik ere jasotzen dugu, haur eta gazteen aisialdia finantzatzeko.
Euskara Batzordetik 106.200 euroko diru-laguntza hitzartu dugu, honako proiektu eta egitasmoak finantzatzeko:
BARREN astekaria 51.750,00 €
elgoiBARREN.net atari digitala 5.850,00 €
Atxutxiamaika: 39.600 €
- Familia transmisioa.........................15.800
- Eskolaz kanpoko eragileak ……….10.300
- Nerabeen plan integrala................. 7.000
- Bertso-Eskola ……………….……. 5.000
- Tertuliak egitasmoa ………………...1.500
Kulturgintza: 9.000,00 €
- Gabonetako bertso jaialdia ............... 1.500
- Santa Ageda 2014 ............................ 1.500
- Ikastolen jaietarako autobusak ......... 1.000
- Udazkeneko Kultur eskaintza………. 2.500
- Ahotsak egitasmoa gizarteratzea….... 2.500
Guztira: 106.200,00 €
Proiektu eta programa hauek 308.333,13 euroko aurrekontua daukatela kontuan hartzen badugu, Udalak aurrekontuaren % 34,44 finantzatzen du.
Gazteria sailaren kasuan, berriz, Atxutxiamaikak prestatutako aisialdi proiektuak 100.352 euroko aurrekontua dauka, eta Udaletik 45.000 euroko diru-laguntza jasoko dugu; aurrekontuaren % 44,84.
620.000 euroko aurrekontua, 2014an
Ez dira garai errazak, diru-kontuei dagokienez. 620.000 euro inguruko aurrekontua daukagu 2014rako, eta zailtasun dezente izan ditugu diru-gastuak eta –sarrerak parekatzeko. Baina azkenean lortu dugu, eta aurten ere dakigun ondoen lan egingo dugu euskalgintzan inbertitutako diru-kopuru horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu hainbeste urtean elkartearekiko erakutsi duen konfiantzarengatik, eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitu behar dugula uste dugu. Izan ere, gure herria euskalduntzeko ardura denona da, eta behar beharrezkoa izango da gure arteko konfiantza eta elkarlana.