Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bihar, uztailak 30, oporrak hartuko ditugu!

Bihar, uztailak 30, oporrak hartuko ditugu!

2020/07/29

Bihar itxiko ditugu Elgoibarko Izarraren bulegoko ateak. Hilabeteko oporrak hartu eta irailaren 1ean bueltatuko gara lanera. Gozatu abuztuan, oporrak izan edo ez.

Urte arraroa izaten ari da aurtengoa, arraroa eta zaila. Gustura eta pozik ekin genion urteari  Aita Agirreko lantoki berria estreinatu genuelako, baina pozak gutxi iraun zuen. COVID-19ak sortutako osasun-krisiak gure lan-jarduna goitik behera baldintzatu zuen; BARRENek aurrera egin zuen bere bidean inoiz baino lan gehiago eta hobea eginez, baina gainontzeko atal eta proiektuek geratu beharra izan zuten. Etxetik jarraitu genuen ahal genuena egiten, eta ekainean bueltatu ginen nolabaiteko normaltasunera. Nolabaiteko normaltasuna diogu, Atxutxiamaikak Udalarekin batera antolatutako udalekuak, adibidez, bertan behera laga behar izan ditugulako erdibidean geundela.    

 

Zer izango dugu oporretatik bueltatzen garenean? COVID-19ak lagatzen badigu, irailetik abendura lan asko eta garrantzitsuak dauzkagu.

 

Azaroaren 20an Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioa jarriko da martxan. 15 eguneko ariketa izango da, eta, aurten, norbanakoekin batera, entitateek ere ariketa era aktiboan egiteko aukera izango dute. Egoera ez da erreza, baina Elgoibarko EUSKARALDIA Taldeak lan egingo du entitateak eta elgoibartarrak izena ematera animatzeko.

 

Urriaren 3an, bestalde, Euskara ala Ezkara Elgoibarren? jardunaldia izango dugu. Elgoibarko euskalgintza eta kulturgintza biziberritzeko lan-prozesuari ekin diogu Udalarekin elkarlanean, eta egoeraren berri jasotzen duen Liburu Zuria idatzi ondoren, lehen mugarria jarri nahi dugu urriaren 3an egingo dugun jardunaldian (izena emateko hemen).

 

Proiektuei dagokienez, BARRENek orain arteko ibilbidean egingo du aurrera. Eguneroko jardunean, barren.eus webgunean eta sare sozialetan, eta asteroko dinamikan, BARREN astekariarekin.  

 

Atxutxiamaikari dagokionez, orain arteko programei eusteko asmoa daukagu. Kiribilduz, Aldenik alden edota Berbazulo programekin jarraitu nahi dugu gure herriko umeen eta familien euskalduntze-prozesuetan laguntzeko, baina osasun-egoerak baldintzatuko du gure jarduna. Egoera zein den kontuan hartuta, formatu bat edo beste landu beharko dugu.

 

Tertuliak programari dagokionez, koronabirusak lagatzen badigu, ikasturte berriari ekingo diogu, martxotik etenda egon ondoren. Ikasturte berriari, gainera, Eñaut Elorrietak Makina Erremintaren Museoan eskainiko duen kantaldi batekin emango diogu hasiera.

 

Amaitzeko, urteroko ekintzak izatea espero dugu 2020ari agur esateko: Olentzero eta Mari Domingi, bertso-jaialdia ...

 

Hori, udazkenerako daukagun garrantzitsuena. Baina orain oporrak hartuko ditugu, atsedena ondo etorriko zaigu eta.

 

Zuk ere ondo pasa eta zaindu. Irailera arte!