BARREN astekariaren 1.000 zenbakia argitaratuko dugu ostiral honetan
1992ko abenduan astakeria zirudiena, astekaria bihurtu da. Ezinezkoa zena posible dela erakutsi dugu. Jende askoren lanari eta jarrerari esker, BARRENen 1.000 zenbakia argitaratuko dugu ostiralean. Zorionak eta eskerrik asko, BARREN era batera edo bestera egin duzuen guztioi!
Euskararentzat beste funtzio bat irabazteko helburuarekin sortu genuen BARREN 1992ko abenduaren 24an. Sarri esan dugun moduan, Olentzerok Elgoibarko herriari egindako oparia izan zen.
Erronka zaila zen, baina beste herri batzuetan ere baziharduten antzerako proiektuekin, eta guk ere aurrera egitea erabaki genuen. Ezina ekinez egina dio esaera zaharrak, eta gurean ere hala izan da. Ezinezkoa zirudiena jendea askoren lanari eta jarrerari esker egin dugu. Eta ondo egin gainera.
Esan dugu herri mailako komunikazioa euskaraz betetzeko sortu genuela BARREN, baina BARRENek Elgoibarri eman diona ezin dugu euskaratik bakarrik baloratu. BARREN Elgoibargintza da. Elgoibar herriagoa da BARREN sortu zenetik. Elgoibartarrok hobeto ezagutzen dugu geure herria.
24 urte pasa dira, eta urteak ez dira alferrik pasatzen. Egindakoa ondo dago, baina egiteke dagoenari begira jarri behar dugu. Atzera begirako argiak itzali eta etorkizuna ikusten hasi behar dugu. Hori da urtea amaitu aurretik egingo duguna. BARREN komunikazio-proiektuak Elgoibarko gizartean bete behar duen funtzioa birpentsatzera goaz. Gure herriari horrenbeste eman dion proiektuaren etorkizuna daukagu jokoan, eta honako galdera hau jarriko dugu mahai gainean: zertarako nahi eta behar dugu BARREN elgoibartarrok? Ea asmatzen dugun erantzunarekin, eta egin dugunak beste ematen duen egiteko daukagunak.
24 urteotan era batera edo bestera BARREN egin duzuen guztiok zoriondu nahi zaituztegu lerro hauen bidez. Eskerrak eman nahi dizkizuegu BARRENen alde egindako lanarengatik. Pozik eta harro egon behar dugu BARREN bezalako proiektu bat sortu eta hainbeste urtean eutsi diogulako, eta horrek ematen digun indarrarekin heldu behar diogu etorkizunari.