Baguaz! bidaia-esperientziak, irailetik abendura bitartean
Irailaren 26an ekingo diogu Baguaz! bidaia-esperientziak programa berriari. Lau emanaldi izango ditugu, eta Beñat Konde eta Irati Altzibar izango dira lehen gonbidatuak. Urtebeteko bidaiaren berri emango digute.
Baguaz! bidaia-esperientziak Maialen Astigarraga Alberdiren ideia da, eta helburu nagusia bidaietako esperientziak ezagutzera ematea da. Jende asko dabil munduan zehar era batera edo bestera bidaiatzen, eta horietako batzuk Elgoibarrera ekartzea da antolatzaileon asmoa.
Ekimenak lau emanaldi izango ditu, hilean behin, irailean hasi eta abendura arte.
Lehen emanaldian Beñat Konde eta Irati Altzibarren Bizitza-bidaia izango dugu. Beñatek eta Iratik dena laga eta munduan zehar bidaiatzeari ekin zioten iaz, eta urtebete hara eta hona eman ondoren, uztailean bueltatu ziren Elgoibarrera. Beñatek eta Iratik esan digutenez, “pertsonak adina bidaiatzeko modu dago. Zenbat buru, hainbat aburu. Gure kasuan, urtebetean munduari buelta eman ondoren, Amerika, Ozeania eta Asiako herri desberdinetako pertsonen bizimodua, kulturak eta errealitateak ezagutu ditugu. Gure bidaiak eman duena ezagutzera gonbidatzen zaituztegu.”
Aukera paregabea, beraz, urtebeteko bidaia honek zer eman duen ikusi eta entzuteko.
- Eguna: Irailak 26, asteartea
- Tokia: Kultur Etxeko hitzaldi gela
- Ordua: 19:00
Ekimen hau Elgoibarko Izarrak antolatzen du, Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin.