Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Aurtengo TopaEguna Derion izango da, urriaren 11n

Aurtengo TopaEguna Derion izango da, urriaren 11n

2014/09/15

2012an ekin zion Euskal Herriko Euskaltzaleen Topaguneak TopaEguna antolatzeari. Lehen bi edizioak, hurrenez hurren, Azkoitian eta Soraluzen izan ondoren, aurten Bizkaian ospatuko da euskaltzaleon jaia; Derion, hain zuzen ere. Elgoibarko Izarrak ere bazkide eta euskaltzale guztiak animatu nahi ditu jaian parte hartzera.

Euskaltzaleon Topagunearen bueltan sortzen dihardugun mugimendua saretzeko eta indartzeko ekimena da TopaEguna, eta Topaguneko bazkide garen 96 euskara elkarteetako bazkide guztiok (20.000 inguru) gaude gonbidatuta jaian parte hartzera. 

Aurten Derion bilduko gara Euskal Herriko euskaltzaleok, eta euskaltzaletasunaren alde egingo dugu topa; auzolanaren alde; mugimenduaren alde. Gure buruaren alde, finean.

 

Egun osoko programa

Egun osoko programa prestatu dute Derioko Tximintx Euskara Alkarteak eta Topaguneak. Goizeko 10:30ean izango da harrera-ekitaldia, eta gauera arte iraungo du jaiak. Egitasmoan, besteak beste, gazte-topaketak, ume-gunea, kale-animazioa, txakolin dastatzea, herri-bazkaria, erromeria, eta kontzertuak izango dira. Primerako osagaiak egun zoragarria pasatzeko.

 Ikus, osorik, TopaEguneko egitaraua.

 

Elgoibarko Izarratik ere joango gara

Elgoibarko Izarra hasieratik da Topaguneko bazkide (1997an sortu zen Topagunea), eta aurreko bi edizioetan bezala, aurten Deriora joango gara. Bazkide eta euskaltzale guztiok gaude TopaEgunean parte hartzera gonbidatuta, eta animatzen zaretenok irailaren 30a baino lehen eman behar duzue izena.

 

TopaEgunera joateko izena emateko: 943 741 626 (Imanol) /

elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.com

Beraz, gorde zuen agendetan urriaren 11ko eguna, eta animatu Deriora joateko!!!