Aurten ere Ekigain jaia ospatuko dugu, udari ongi-etorria egiteko
Iaz egin genuen moduan, aurten ere Sallobente-Ermuaranera joango gara udari ongi-etorria egitera. Ekainaren 21ean (asteartea) izango da jaia, eta Elgoibarko Izarrako bazkideak ez ezik, herritar guztiak ere badaude gonbidatuta.
Ekigain jaiko osagaiak izango dira, besteak beste, sua, ura, natura, jan-edana, dantza eta musika. Jai-giroa nagusituko da urteko egunik luzeena ospatzeko. Ekainaren 21ean izango da jaia, udako solstizioaren eguna, eta hau da prestatu dugun egitasmoa:
- 19:00: Maalako parkean elkartuko gara, handik Sallobente-Ermuaranera joateko, oinez eta kalejiran.
- 20:30: Afari-merienda.
- 22:00: Sua piztu, kantatu, dantza, salto egin, ...
- 23:00: Etxerako bidea, oinez eta kalejiran.
Oinez joateko aukerarik ez dutenentzat, hitzordua 20:00etan izango da Sallobente-Ermuaranen. Afari-meriendari dagokionez, bakoitzak berea eraman behar du etxetik, baina edariak eta postrea (krepeak) erosteko aukera egongo da, horretarako jarriko dugu txosnan. Amaitzeko, frontala edo kopeta-argia eramatea ere komeni da, bueltako biderako.
Animatu Ekigain jaira! Elkarrekin eta suaren bueltan egingo diogu ongi-etorria udari.
Ekigain jaia Elgoibarko Izarrak antolatutako jaia da eta Elgoibarko Udalaren diru-laguntza jaso du.