Ameriketako indigenak Elgoibarko Izarran
Amerikatik etorritako sei lagun izan genituen bisitan Elgoibarko Izarran martxoaren 25ean. Mexikokoak ziren lau, maia, nahuat, yucateco eta totonakú hizkuntza-herrietakoak, eta Txilekoa eta Boliviakoa beste biak, maputxea bata eta kitxua bestea.
Elgoibarko Izarra euskara elkartea ezagutzera etorri ziren sei lagunak. Udaleko euskara-zinegotzia den Maialen Gurrutxagak Aita Agirre kultur guneko kanpo aldean harrera egin ondoren, gure elkartearen 60 urteko historiak zer eman duen azaltzen jardun genuen: noiz eta zelan sortu zen elkartea, lehen etapan euskalgintzan jardutea zer zen, bigarren etapari ekiteko oinarri filosofiko eta teorikoak, Atxutxiamaika edota BARRENen gaineko azalpenak, diru kontuak … Lau ordu pasa egon ginen etengabeko azalpenak eman eta jasotzen.
GARABIDE elkarteak prestatutako programa batean parte hartzen dihardute sei lagunek, beste 23 lagunekin batera, eta hilabete inguru egongo dira Euskal Herrian euskara biziberritzeko esperientziak ezagutzen.
Gustura joan ziren sei lagunak Elgoibarren jasotakoarekin, eta gustura geratu gara gu haiek emandakoarekin.
BARRENen argitaratu duten erreportajea hemen