Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 50 urte beteko ditugu aurten!

50 urte beteko ditugu aurten!

2013/02/27

Elgoibarko Izarra 1963. urtean sortu zuten Felix Etxeberria, Sabin Osoro eta Jesus Larrañagak beste herritar askoren laguntzarekin. Ez da atzo goizeko kontua hori. Elgoibarko Izarrak 50 urte beteko ditu, eta hori horrela izanik, merezi moduan ospatzeko urte osoko programazioa prestatu dugu. Atzo aurkeztu genuen 50. urteurrenaren programazioa elkarteko 50 bazkidek emandako prentsaurrekoarekin.

 

Lehengoak eta oraingoak, denak ez, baina asko. Hain zuzen ere 50 bazkide batu genituen musika eskolako auditorioan Elgoibarko Izarraren 50. urteurrenaren berri emateko. Argazkiak erakusten digun moduan, batzuen eta besteen elkartea izan da gurea, bakoitzak bere momentuan topatu duen izarra.

Iñaki Kondek, Felix Etxeberriak, Andres Alberdik, Ane Odriak eta Lore Laspiurrek azaldu zituzten urteurrenaren nondik norakoak (ikusi behean testu osoa).

Esan bezala, urte osoko programazioa aurkezteko aprobetxatu genuen atzoko aurkezpena, eta bereziki datorren martxoaren 15 eta 16ko astebururako antolatutako Merezi zaban! asteburu berezia aipatu genuen. 

Merezi zaban! asteburua (Maalako karpan)

 OSTIRALA, martxoak 15

20:00 Ekitaldi nagusia Herriko Antzokian

21:30 Karparen irekiera

21:45 Afari-luntxa (doan)

22:30 Etxekoen goxotasuna: kantuz girotuko dugu afalostea

LARUNBATA, martxoak 16

13:30 Erakusketa gidatua

14:30 Bazkari herrikoia (helduen eta umeen menua)*

15:30 Umeen ginkana: Elgoibarko Izarra ezagutuz

18:00-20:00 Ezten giro! erromeria

21:00-22:30 Bokatak

23:00 Xabier Solano eta DZ (Esne Beltza)

 

Urte osoko egitaraua:

Hilabetea

Zer

Otsailak 26

 50. urteurrenaren aurkezpena

Martxoak 15-16

 Merezi zaban!  asteburua:

o       Herri-omenaldia

o       Maalako karpako jaia: jatorduak, musika ...

Apirilak 13

Apirilak 28

 Sagardotegira goaz

 Maskaradak ikustera

Ekaina 1

 Mintza Eguna Elgoibarren

Urria 5

Urria

 Beste 50!

 Euskara edo ezkara hitzaldi-ziklo berezia

Abendua

Abenduak 27

 50. urteurreneko liburuaren aurkezpena

 50. urteurrenari eskainitako bertso-jaialdi berezia


Aurkezpen testua

ELGOIBARKO IZARRA Kultur Elkartea

                        Elgoibar euskaldunagoa izateko 50 urteko herri-ahalegina

 Iñaki Konde (gaur egungo elkarteko presidentea)
Arratsalde on, denoi, eta eskerrik asko Elgoibarko Izarraren 50. urteurrena dela-eta prestatu dugun aurkezpen-ekitaldi honetara etorri zaretenoi.
Martxoaren 15ean beteko ditu Elgoibarko Izarrak 50 urte. Elgoibar euskaldunagoa izateko 50 urteko herri-ahalegina izan da. Hasiera batean, urtebete lehenago martxan jarri zen ikastola babesteko eta indartzeko sortu zen elkartea, baina, gerora, beste hamaika proiektu eta egitasmo ere prestatu zituen: dantza eta txistu-taldeak, gau-eskola, bertsolaritza, Aubixa aterpetxea, Udal Euskara Batzordea, motibazioan eragiteko jarduerak ...

80ko hamarkadan krisi sakonean sartu zen elkartea, eta 1990ean desagertzear egon zen, baina, zorionez, bizpahiru bazkidek segitu egin behar zela erabaki zuten eta euskara-elkarteen mugimenduan ekin zion elkarteak bigarren etapari 1991n. Bigarren etapa honetan ere, hainbat proiektu eta egitasmo jarri ditu martxan elkarteak: BARREN astekaria eta elgoiBARREN.net atari digitala, Atxutxiamaika aisialdi proiektua, Gurean Bai hitzarmenak, Arigera, Toletxe taberna, kultur jarduerak, omenaldi-ekitaldiak ...

Proiektu guztiek helburu bakarra izan dute: Elgoibar herri euskaldunagoa izatea.

Felix Etxeberria (sortzaileetako bat)
“Erderiak ez ittotzeko” sortu genuen Elgoibarko Izarra 1963an. Plaza txikian perretxiko bat topatzea, ume bat euskaraz entzutea baino errazagoa zenean. Jendeak euskarak Maltzagaraino joateko ere ez zuela balio pentsatzen zuenean.

Egoera haren aurrean, zerbait egin nahi genuen. “Bizi nahi bat edo halako zerbait”  sentitzen genuen. Eta hala ekin genion:

  • Elkartea zertarako sortu genuen argi esan gabe, legeak kontra zeudelako.
  • Formazio handirik gabe. 
  • Baliabide handirik gabe.

Baina bagenuen arazo horiei guztiei aurre egiteko behar dena:

  • Ilusioa
  • Herritarren babesa.

Guretzat ez zegoen arazorik. Beti aurrera egiten genuen, trenak bezala. Muturrekoak ere bat baino gehiago hartu genituen, baina garbi genuen aurrera egin behar genuela.

Andres Alberdi (elkarteko lehendakaria izandakoa)
Herritarren babesa oso garrantzitsua izan zen, bai. Hori gabe ezingo genuen aurrera egin. 1956an sortu zen gau-eskolako 80 bazkide izatetik, 1.400 bazkide izatera pasa zen elkartea bi urtean. Gure ustez, Elgoibarko Izarrarekin elgoibartarron euskaltzaletasuna esnatu zen; lozorroan zegoen elgoibartarron euskaldun izateko borondatea esnatu egin zen.
50 urte pasa ondoren, pozik eta harro gaude guk piztutako sua ez dela itzali ikusten dugulako.  Pozik gaude guk zabaldutako bidean 50 urteko ibilbidea egin dugulako. Ez genuen asko pentsatzen guk sortutako elkarte txiki hark 50 urte beteko zituenik.
Munduari buelta emateko ilusioarekin ekin genion. Badakigu munduari ez diogula bueltarik eman, baina, poliki-poliki izan bada ere, gure mundutxoa eraiki dugu. Beharbada, guk nahi baino gutxiago lortu dugu, ez gara oraindik guk nahi genuen tokira iritsi, baina guk uste genuena baino askoz bide emankorragoa eta luzeagoa egin dugu.

Eskerrik asko, bene-benetan, 50 urteotan bidelagun izan zareten guztioi. 

Ane Odria (gaur egungo Zuzendaritza Batzordeko kidea)

Hiru helburu nagusi dauzka prestatu dugun programazioak:

  1. Elgoibarko Izarrak 50 urteotan egin duena jaso eta zabaltzea: Asko da elkarteak Elgoibar herri euskaldunagoa izateko egindakoa, eta hori dena jasota laga nahi dugu. Jaso eta zabaldu.
  2. Egindako lana errekonozitzea eta goraipatzea: Egindako lanaren atzean herritarrak daude, bazkideak, eta denei gure esker ona azaltzerik ez daukagunez, sortzaileei eta lehendakariei.
  3. 50. urteurrena ospatzea: Egindako eta lortutakoa ospatzeko modukoa delako. Bazkideekin eta elkartearen inguruan egon diren herritar eta elkarteekin ospatuko dugu Elgoibarko Izarrak herriari eman diona.

Bazkide batek esan zigun moduan, “Elgoibar diferentea litzateke Elgoibarko Izarra izan ez balitz”. Gaur egun Elgoibarren hain txertatuta dauden hainbat eta hainbat proiektu  elkarteak sortu, babestu eta eragindakoak dira; ez dira lurretik sortu edo airetik jausitakoak.

(Lore Laspiurrek, gaur egungo Zuzendaritza Batzordeko kideak, 50. urteurreneko programazioa aurkeztu zuen ondoren.)

Iñaki Konde (gaur egungo elkarteko presidentea)

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu 50. urteurreneko ospakizun-programa hau prestatzen eta burutzen lagunduko diguten guztiei: 

  • Udalari, batetik, programazioa finantzatzeko diru-laguntza eman digulako eta, bestetik, programazioa burutzeko hamaika erraztasun eta baliabide eskainiko dizkigulako.  
  • Danobati, 50. urteurreneko liburua argitaratzeko diru-laguntza eman digulako. 
  • Antolakuntza-lanetan lagunduko diguten bazkide eta herritarrei.
  • Eta, eskerrik asko, bereziki, urtean zehar 50. urteurrena ospatzera azalduko zareten bazkide eta herritarroi. Denon artean egin dugu orain arteko bidea, eta denok elkarrekin ospatu behar dugu.