“Karlistaldiak: XIX. mendeko gerra zibilak… eta gehiago”
Elgoibarko Izarrako Illunberri Achademiak urtero antolatzen duen historia zikloan, karlistaldiak izango ditugu aurten. Hiru hitzaldik osatuko dute zikloa, eta maiatzaren 2an izango da lehena. Aita Agirre kulturgunean izango dira hirurak, 19:00etan hasita.
Karlistaldiek berebiziko garrantzia izan dute egun ezagutzen dugun Euskal Herriaren egituraketan. Hainbat adituren iritziz, euskal nortasun modernoaren sorrera gertakari historiko hauetan kokatu behar da. Gure egungo errealitatea ulertzeko ezinbestekoa bada ere fenomeno historiko hau ezagutzea, honi buruzko ikerketa sistematikoa ez da azken 30 urte arte baizik hasi. Aurtengo historia zikloan hurbiltze ahalegin bat egingo dugu lehen lerroko hiru adituren eskutik, prozesu guztia europar testuinguru batean txertatuta aztertuko dugularik.
1.- “Karlisten oldarraldia eta ondoko gerra (1833-1839)”.
Maiatzak 2, osteguna. Joseba Agirreazkuenaga.
Aita Agirre kulturgunean
Zikloari hasiera emango diogu oldarraldiaren aurrekariak ezagutzera emanez. Jarraian 1833ko erasoa, porrota, eta gerra giroaren zabalkundea Euskal Herrian, Oñati-Bergarako bake ituna izenpetu arte (1833-1839) jorratuko ditugu.
2.- "Bigarren karlistaldia (1872-1876): Foru sistemaren azken urteak."
Maiatzak 8, asteazkena. Mikel Alberdi.
Aita Agirre kulturgunean
1868ko iraultzaren ondorioz Isabel II tronutik bota zutenean karlistek aukera berria ikusi zuten boterera iristeko. Lehenengo karlistaldiarekiko antzekotasun eta desberdintasunak aztertuko ditugu, foraltasunaren amaiera deskribatuz.
3.- “Agosti Xaho: Lehen karlistaldiaren kontaketa”
Irailak 26, osteguna. Xabier Zabaltza.
Aita Agirre kulturgunean
Hitzaldi honetan Agosti Xaho zuberotar idazle erromantikoaren bizitza eta ideologia izanen dira aztergai, garrantzia berezia emanen zaiolarik Euskal Herriaz eta karlismoaz zeukan iritziari. Halaber, Zumalakarregiz eraiki den irudian izan zuen eraginean jarriko da arreta.
Hiru hitzaldiak 19:00etan hasita izango dira.
Antolatzaileak: Illunberri Achademia – Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea
Babeslea: Elgoibarko Udala