Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako.

Atalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak “Elgoibarko Izarrako presidentea izatea ohore bat da niretzat”

“Elgoibarko Izarrako presidentea izatea ohore bat da niretzat”

2011/09/06

Saltsa askotako perrexila da Iñaki Konde. Ez da atzo goizekoa, baina energiaz gainezka dago bizitzari eta erronkei aurre egiteko. Elgoibarko Izarrako presidentea izatea da haren hurrengo erronka, eta gustura helduko diola aitortu digu. 2013ko abenduaren 31ra arteko konpromisoa hartu du.

 Iñaki irakaslea da, baina lanbide heziketako ikasle eta irakasleentzat materiala eta liburuak prestatzen dituen Laneki elkarteko presidente karguan dihardu gaur egun. Lan asko duela aitortu badigu ere, prest eta gogoz azaldu da Ander Soraluzek hutsik lagatako Elgoibarko Izarrako presidente kargua betetzeko.

 Elgoibarko Izarra entzundakoan burura zer datorkion galdetuta, zera erantzun digu: “Oso txikitako oroitzapenak datozkit burura; oroitzapen zoragarriak dira, gainera. 12 urte nituen elkartea sortu zenean, eta pentsatzen dut gurasoek sartuko nindutela Elgoibarko Izarran”.  Gerora, ardurak hartzen ere hasi zen Iñaki, eta hainbat urte eman zituen elkarteari handik eta hemendik laguntzen. Presidente karguan ere egon zen bizpahiru urtez, eta ondo gogoratzen du garai hura: “1990. urtearen bueltan izan zen, eta erabaki potoloak hartu behar izan genituen. Elgoibarko Izarra oso-oso egoera larrian zegoen; jendea nekatuta zegoen, eta egoera ekonomikoa ere ez zen ona. Elkarteko presidentea izateko gonbitea jaso nuen, eta baietz erantzun nien. Zorionez, elkartearen norabidea zuzentzeko zortea izan genuen, eta Elgoibarko Izarrak bigarren etapari ekin zion. Presidente kargua laga egin nuen, eta Ales Arrietak hartu zuen nire lekukoa”.  

 Hogei urte inguru pasa dira ordutik, eta Iñakik berriz ere jaso du Elgoibarko Izarrako presidente izateko gonbitea. “Elkarteari nire laguntza eskaintzeko prest nengoela esateko joan nintzen elkarteko dinamizatzailearengana, eta, azkenean, elkarteko presidente izendatu behar naute. Niretzat ohore bat izango da Elgoibarko Izarrako presidentea izatea”.

“Elkartearen mugarri garrantzitsua izango da 50. urteurrena, eta ordura arteko lanak ondo irten daitezen nire esku dagoena egiteko prest nago"

 2013ko abenduaren 31ra arteko konpromisoa hartu du Iñakik. Elgoibarko Izarraren 50. urteurreneko ospakizunak amaitzen direnean lagako du Iñakik bere kargua: “Elkartearen mugarri garrantzitsua izango da 50. urteurrena, eta ordura arteko lanak ondo irten daitezen nire esku dagoena egiteko prest nago. Aspaldian ez dut elkartearen barruan jardun, baina dakidan guztia eman eta behar den denbora eskaintzeko prest nago. 90ean moduan, orain ere Elgoibarko Izarra ziklo baten amaieran dagoela sumatzen dut, eta nire ekarpentxoa egin nahi dut etapa zaharra ondo itxi eta berria hobeto hasteko”.

 Eskarmentu handia dauka Iñakik, eta seguru gaude asko eta ona dela Elgoibarko Izarrari emateko daukana.